XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IV EKITALDI

I AGERLEKU.-Artzulo (koba) ilun. Maskilu bat irakiten, erdian.

Ostotsak.

Iru sorginak aurrera.

I SORG..- Iru aldiz egin dau miau katu nabarrak.

II SORG.- Iru bider; eta kirikiñolatzak bein egin dau irrintzi.

III SORG.- Tertzioa da, tertzioa da, gedar dagi txerrenak.

I SORG..- Bira dagigun maskiluaren inguruan; barruzki edenduak egotzi barrura.

Arripe otzean ogei ta amaika gau ta egunez lo-eginda, izerdi-zitala sortu dokan kunkun orrek irakin egik lenen ontzi liluratuan!

IRURAK.- Beste ainbestetu, beste ainbestetu lana ta nekea; su-egin, erre; eta ik, maskilu, kaskabilloak atera.

II SORG.- Zingira-sugearen ede bat irakin-eragin eta egosi maskiluan; suge-lenderaren begia ta ugaraxoren beatza, saguzarren ule ta txakur-miña, sugegorriren izpia eta ziraun-agiña, muskerren zangoa ta mozollo-egoa, su-lezako salda-antzera irakin-eragin eta kaskabilloak atera, lilura indartsu ta kaltegarria iritxi dagigun.

IRURAK.- Beste ainbestetu, beste ainbestetu lana ta nekea; su-egin eta erre; eta ik, maskilu, kaskabilloak atera.

III SORG.- Iransuge-ezkatak, otso-agina, sorginen soin igarra, itsaso asarre-gaziko marrazoren biusturia, gabaz aterako otzerri- bedar-zustarra, Yudar biraotiren gibela, auntzen beaztuna, iretargi-ilunaldian aterako agin-azal-edeak, Turkarren surra ta Tartaritarren ezpanak, bide-ertzeko arekan urdaskak erdiratu ta erdiratu-ala itoriko sein-atza.

Salda lodi ta intsikorra dagigun zer guztiokaz; katamotzaren barruzkiak ezarri orreri maskilukoen geigarritzat.

IRURAK.- Beste ainbestetu, beste ainbestetu lana ta nekea; su-egin eta erre, eta ik, maskilu, kaskabilloak (puxekak) atera.

II SORG.- Otzitu orain matxango-odolagaz, ta, orrazkero, sendo ta on da lilurageia.

HEKATE aurrera.

HEKATE.- Ederto baño edertoago egina!

Aleginak-alegin egingo al dozuez, sari bana izango dozue-ta.

Eta abestu orain maskiluaren inguruan, maitagarri ta mamuen antzera, estuna eginik, barruan artzen dozuen oro liluratuteko.